KIROLTASUNA

KIROLTASUNEZ JARDUTEKO ARAUAK

Lekeitio Futbol Taldeak bat egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak onartuta duen joko garbiaren aldeko dekalogoarekin. Horregatik, bada, egoki ikusi du kiroltasunez jarduteko honako arau hauek argitaratzea, guztiok (zuzendaritzako, entrenatzaile, delegatu, guraso eta jokalariek) errespetatu behar ditugunak.
  1. Txalotu eta animatu jokalari guztiak: baita gauzak ondo ateratzen ez direnetan ere. Animatu jokalari guztiak eta txalotu joko ona eta garbia, nork egiten duen (gure ekipoak edo kontrarioak) kontuan hartu barik.
  2. Ikasi eta errespetatu jokoaren arauak: arau horiek betearazten arduratzen diren pertsonak (arbitroak) bereziki. Pertsona horiek ezinbestekoak dira futbolean. Zuzendaritza Batzordeak jarraipen berezia egingo du talde guztietako entrenatzaile eta jokalariei ateratzen dizkien txartelen inguruan, batez ere arbitroa iraintzeagatik-edo ateratzen diren kasuetan. Konpetitiboa izateak ez du esan nahi errespetuari faltatzea. Horrelako kasuetan taldeko entrenatzailea, delegatua, kapitaina eta zuzendaritzakoak batuko dira, guztien artean erabakitzeko zer nolako zigorra jarri.
  3. Errespetatu entrenatzailearen erabakiak: zure gustukoak ez badira ere. Jokalariren batek arazoak baditu bere entrenatzailearekin, lehenik taldeko kapitainari jakinaraziko dio eta ondoren, arazoek berean jarraitzen badute, talde horretarako izendatuta dagoen zuzendaritzako kideari. Zuzendaritzak, guztien iritziak entzunda, erabakiren bat hartuko du.
  4. Errespetatu zure taldeko kideak: eta bereziki hain ondo jokatzen ez dutenak. Futbola talde-lana da eta guztiok gara beharrezkoak taldean. Nor edo nor taldeko kide baten kontra gaizki esaka ari bada edota errespetu barik tratatzen badu, kapitainak edo beste edozein taldekidek entrenatzaileari jakinaraziko dio, behar diren neurriak hartzeko.
  5. Errespetatu kontrako taldearen materiala, instalazioak, e.a.: gure taldekoak bezain ondo. Haientzat ere, guretzat legez, kostu bat suposatzen du.
  6. Izan gaitezen guraso arduratsuak: erakuts diezaiegun gure seme-alabei futbol-taldeko edota beste edozein erako materialarekin arduratsu izaten (zaintzen, txukun edukitzen, e.a…). Berek presta ditzatela euren motxilak. Errespeta ditzagun entrenatzailearen erabakiak eta ez gaitezen aritu entrenatzailearen kontra gaizki esaka seme-alabaren aurrean. Ez dezagun gure seme-alabaren jokoa bideratu partidu egunetan, zer edo nola jokatu behar duten esanez. Horretarako entrenatzaileak daude eta haiek ematen dizkie aginduak. Gurasook eskubide guztia badugu ere geure seme-alaben portaera ona edo txarra saritzeko edo zigortzeko moduaz, Zuzendaritza Batzorde honek ez du egoki ikusten seme-alabari futboleko entrenamendura edo partidura joaten ez uzteko zigorra jartzea, talde-dinamika apurtzen duelako. Uste dugu badela zigortzeko beste modurik.
  7. Gaitzetsi ditzagun kirolez kontrako jarrera guztiak: joko garbiaren kontra doazen jarrera guztiei ezetz esan diezaiegun. Gure taldeko jokalariak animatzeak ez du esan nahi kontrako taldeko jokalariak, entrenatzaileak, ikusleak, e.a… iraintzea edo haien kontra gaizki esaka aritu behar garenik. Esan diezaiogun bai joko ona eta garbiari, eta ez, joko zikin eta bortitzari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario